• Lunes, mayo 16th, 2016

Eliseo Gil Zubilaga: J. Núñezek Iruña-Veleiako zuzendaritza planaren barruan eginiko lanen berrikuspen kritikoa

Bost urte igaro dira Julio Nuñezek Iruña-Veleiako Plan Zuzendaria idatzi eta martxan jarri zuela, eta bere ibilbidearen erdia egin duen honetan beharrezkoa deritzogu epe horren azterketa kritikoa egiteari.

Zoritxarrez, bost urte hauetako produkzioan zerbait nabarmentzen da, emaitzen urritasuna da hori: pare bat aurkikuntza epigrafiko isolatu eta Arekoikuska aldizkarian ezinbestez egin beharreko sarrerak.

Nolanahi ere, aro honetako emaitzak agerikoak  dira eta edozein herritarrek ikus ditzake. Bi baino ez dira: batetik, harresitik kanpoko sektore berri batean agerira atera ditu arkitektura egitura batzuk, Nuñezen iritziz  “macellum publiko bat”, eta bestetik harresiari berari egin zaion langintza mugatu bat, hegoaldeko atearen eremuan.

Gure ustez, ezin da inolaz ere onetsi goian aipaturiko sektorean erabili duen indusketa metodologia, guztiz zaharkitua eta neurriz kanpokoa, baliabide mekanikoak erabiliz  lurrazpiko eraikuntzen oinarriak jo baititu. Eremu horri buruzko dokumentazioak garbi adierazten zuen egitura estratigrafikoak ukitu gabe zeudela, geuk aurrez leku horretan egindako laneetan zein zerutik hartutako argazkietan oinarrituta.

Idoia Filloy Nieva: Aurkikuntza kultural baten altxorra Veleiako testuinguruan kokatua

Iruña-Veleian aurkitutako grafitoen altxor kulturala ez dago soilik materialean bertan eta honek eskaintzen digun informazioan; hori bezain inportantea da ongi kontserbatua dagoen aztarnategi bateko erregistro arkeologikoan agerturiko ebidentziak izatea, honek bere autentifikaziorako eta dataziorako oinarria ematen baitu, eta ondorioz, beren testuinguru historikoa ezagutzeko bidea ere bai.

Gainera, aro  kronologiko ezberdinetan agertu izanak ikuspegi diakronikoa ematen digu, eta aro horietan koka ditzakegu euskarri zaharretan grabaturiko testuak eta marrazkiak. Honek guztiak bidea ematen digu gaur bertan, eta gerora ere emango digu, gure iragan historikoa birreraikitzen lagunduko duten interes handiko azterketa ebolutiboak eta tematikoak egiteko.

Edward C. Harris: Lan bikaina burutu dute

Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk erabilitako indusketa metodologia egokia izan den galdetuta, Edward C. Harris doktoreak adierazi du, txostenak aztertu ondoren, metodo estratigrafikoari eta Harris Matrix sistemari jarraitu diotela. Metodo hauek, ‘sistema arbitrarioak’ ez bezala, aztarnategi arkeologikoak erregistratu egiten dituzte, geruza ezberdinak berreraikiz eta aztertuz, aurrez seinalaturiko eremuak induskatzen jardun beharrean. Gil eta Filloyren balizko faltsutzeaz galdetuta, Harris doktoreak dio, 400 objektutik gora faltsifikatzeko gauza izan balira ere, ezinezkoa zatekeela geruzen sekuentzia faltsifikatzea, sekuentzia hori ondo erregistratua baitago.

Gainera, doktoreak gehitu du balizko faltsutzea ez dela frogatu analisi forentsearen bidez; eta horrelako langintza batek jakinduria eta trebetasun imajinaezinak suposatuko lituzkeela. Bermudetako arkeologoaren ustez, ez zuten inolako motiborik era honetako iruzur bat egiteko, eta litekeena omen da horrelako aurkikuntza batek ezinegona sortu izana zenbait akademikoren artean; eta Gilek eta Filloyk oso fama ona zutela, metodo estratigrafikoa bikain jarraitzen zutelako beren lanbidean. Harrisen hitzetan: “aztarnategian egin duten lana (aurkikuntza handiak alde batera utzita ere) txalogarria da. Lan bikaina burutu dute”.

Sarrera honen iruzkinak jarrai ditzakezu ondorengo rss jarioaren bitartez: RSS 2.0
You can leave a response, or trackback from your own site.
Iruzkina gehitu